Kafe aleak: ezohiko liburu baten sorrera eta elaborazioa

bookhunterblog investiga 10
Irailean kaleratu zen Kafe aleak, Kafea eta galletak egitasmoaren nolabaiteko jarraipen naturala den liburua. Lehen begi-kolpean, beharbada ez dirudi oso liburu deigarria: irudirik gabeko azala xumea da eta edukia aurkezteko “121 disko irakurketa” esaldi apala agertzen da, besterik gabe.
Baina Kafe aleak liburua ustekabe atsegina bihurtu da. Abenduaren hasieran 600 aleko lehenengo edizioa agortuta zegoen, hainbat liburudenda txikien salmenta-zerrendetan goiko postuetan egon ondoren. Kafe aleak sare sozialetan behin eta berriro agertzen da, eta hedabide handiek ere liburuaren berri eman dute.
Izandako arrakastaz haratago, Kafe aleak ezohiko liburua da edukiari, elaborazioari eta argitaratzeko erari dagokienez. bookhunterblog-ek, email bitartez, Leire Lopez Ziluagarekin batera saioen eta liburuaren sortzailea den Ibon Rodriguez Garciari honi guztiari buruz galdetzeko aukera izan du.
bookhunterblog: Ia denok entzun dugu dagoeneko Kafea eta galletak egitasmoari buruz. Nola deskribatuko zenuke, zure hitzetan?
Ibon: Ideia  gure arteko hainbat gogoeta, eztabaida eta solasaldiren ondorio izan zen, modu natural batean edo. Zer da kontzertu bat? Disko entzunaldi bat kontzertu bat al da? Diskoan bezala sonatu nahi duten taldeeen kontzertua baino ez al da hobea disko hutsa entzutea? Noraino gailentzen zaio ikus-kizuna entzun-kizunari? Zergatik ikusten ditugu kontzertuak elkarrekin, baina ez ditugu diskoak elkarrekin entzuten? Zergatik geratzen da musika bigarren plano batean lehenengoan egon behar lukeenean?
kafea eta galletak
bhb: 2008ko azaroan hasi zineten Kafea eta galletak antolatzen. Nola sortu zen ideia, eta nolakoa izan da jarraitutako bidea?
Ibon: Denborarekin forma hartzen joan da. Hasierako asmoa diskoen entzunaldi hutsa egitea zen, kontzerturik gabe, eta diskoa geuk aukeratuta. Lehenengo saioan kontzertua egin genuen lehenengoa zelako, bestelako pretentsiorik gabe, eta ikaragarri ondo irten zen. Baina, ordurako antolatuta genituen jada kontzerturen batzuk modu pertsonalean, Gernikan eta Gernikatik kanpo, eta bi ideiak uztartzea erabaki genuen: kontzertua antolatzea, eta taldea izatea disko-aukeratzaile. Gaur egun horri eusten diogu, baina prest gaude beti gure mugak apurtzeko eta formatuarekin esperimentatzeko, eta halaxe egiten dugu.
bhb: Liburu bat argitaratzea erabaki duzue. Zergatik formatu hau? Zergatik liburu bat eta ez diska bat, esaterako? (Uste dut saio batzuen diskoak ere atera dituzuela).
Ibon: Argitaratu ditugun bi diskoak saioetako zuzenekoak izan dira. Badugu gogoa bestelako diskoak argitaratzeko ere (inoiz argitaratu ez diren maketa zaharrak, agortu diren batzuk…) baina aurrerantzean izan beharko da.
Hala ere, liburu honek ez du zerikusirik horrekin. Gure saioetan musikariei eskatzen diegu testu bat idazteko, entzuleek diskoa entzun bitartean irakur dezaten. Modu horretan, musikariak ez diren pertsonak ezingo dira inoiz disko-aukeratzaile izan, ezta diskoaz idatzi ere. Eta guk uste dugu publikoko jendeak, musikariak ez diren pertsonek asko dakitela musikaz, ez direla entzule pasibo hutsak, mugitzen direla kontzertuetara, irizpide propioa dutela, nahiz eta askotan ezkutuan gelditzen den. Aktibotasun horren aldarria da liburua.
bhb: Liburua ateratzea erabaki zenutenean, ba al zenuten erreferente edo ereduren bat?
Ibon: Erreferente nagusia fanzineen mundua izan da. Bestela, ez dugu diskoei buruzko testuez osatutako libururik izan erreferentzia moduan. “Entzun beharreko 1000 diskoak” estiloko liburuak izan ditugu antierreferentziatzat, hori bai.
bhb: Eta iburua auto-argitaratu duzue. Argitaletxe batengana jotzen saiatu zineten, edo zuzenean horrela egitea erabaki zenuten?
Ibon: Kafea eta galletakeko ekimen guztiak auto-finantziatuak eta defizitarioak dira beti. Gure modus operandia hori izan da beti, punketik eta Do It Yourself filosofiatik gatozelako. Gure saiakera bakarra EDO argitaletxe jaioberriarekin elkarlanean ateratzea izan da, haien lan egiteko moduarekin bat egiten dugulako. Denbora kontua zela-eta ezin izan genuen gauzatu.
bhb: Zeintzuk izan dira liburua prestatzerakoan aurkitu dituzuen oztoporik nagusienak? Eta laguntzarik nagusienak?
Ibon: Oztopo nagusiena gure bizi erritmoa izan da. Libururako denbora ateratzea lanetik eta ikasketetatik, eguneroko bizitzaren gorabeheretatik, gure arazo pertsonaletatik kanpo.
Laguntzarik handiena kolaboratzaileena, ez soilik 121 idazleena, baizik eta maketatzailea, marrazkilariak, zuzentzaileak… Alde teknikotik, internetek eman digun erraztasuna ezin da alde batera utzi. Internetik gabe oso zaila zatekeen maketatzailea Bartzelona, Portugalen eta Madrilen bizi izan den garai honetan liburu hau sortzea, zuzenketak trukatzea, sare pribatuan lan egin ahal izatea dokumentu berberaren gainean edozein ordutan.

kafe aleak 2

bhb: 121 idazleak “miresten” dituzuen pertsonak direla esan duzue. Baina zeintzuk izan dira “musikazaleak” aukeratzeko irizpideak?
Ibon: Miretsi, miretsi, asko esatea da, baina exageratzeko joera dugu. 😉 Gure saioetara etortzen diren pertsonak, zein nolabaiteko feeling edo sintonia islatzen diguten pertsonak. Batzuk ezagutzen genituen, beste batzuei liburuaren aitzakiarekin joan gatzaizkie. Esparruka ere nahi genuen nola edo halako ordezkaritza izatea, musikaren inguruko hainbat esparrutakoa: luthierrak, soinu teknikariak, fanzinegileak, kritikariak…
bhb: Hitz egin dezagun pixka bat aukeratu dituzten diskei buruz. Aukeraketaren bat “arraroa” edo “harritzekoa” iruditu al zaizue?
Ibon: Diskoen aukeraketek hainbat arrazoiri erantzuten diote, ez dira “historiako diskorik onenak”. Gure helburua lumak dantzan jartzea zen, eta diskoak aitzakia hutsa baino ez dira. Hala ere, guk disko asko ezagutu ditugu liburuari esker, batzuk zoragarriak, beste batzuk ez zaizkigu gustatu, baina batzuk zein besteak testuen testuinguruarekin beste era batera entzuten dira, eta egoera horiek sortu izanagatik sikiera merezi izan digu.
Zerrendan agertzen diren pertsonak aukeratzean espektatiba batzuk genituen, jolasten ginen asmatzera bakoitzak zer aukeratuko zuen, eta askotan asmatu dugun arren, zenbaitetan harritu gaituzte aukeraketek.
bhb: Ba al dago faltan botatzen duzuen “musikazaleren” bat, edo diskaren bat? Edo musika estilo, musikari edo talderen bat?
Ibon: Behin baino gehiagotan aipatua dugu emakumeen presentzia urria dela, bai aukeratzaileen artean, baita aukeratutako diskoen artean ere. Saiatu gara emakume gehiago egon zedin aukeratzaileen artean, baina liburuan parte hartzeko gonbiteari ezetz esan diotenen artean gehiengoa dira emakume.
Diskoen aukeraketa, ordea, ez zegoen gure esku eta, zerrendari begiratuta bitxia da Tom Waits hiru aldiz egotea, edo Will Oldham, Leonard Cohen, BAP!! eta Negu Gorriak bina aldiz ere. Baina horrelako datuen inguruan azterketa sakonagoa egin liteke: adibidez, Tom Waits aukeratu duten hiru horietako bi antzerki munduko pertsonak dira. Baina, ez daudenen artean Mikel Laboa, musika elektronikoa, musika beltza edo dantzagarria botatzen dugu faltan, baita instrumental gehiago, edo euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez abestuak ez diren disko gehiago.

kafe aleak 1

bhb: Hainbat liburudenda txikitan Kafe aleak aste hauetan gehien saldu den euskarazko liburua dela irakurri dut. Espero al zenuten horrelako arrakasta izatea?
Ibon: Inolaz ere ez. Harrera ona espero genuen, baina ez horrenbesterakoa. Bigarren inprimaketa eskatu behar izan dugu, horrek dakarkigun arazo logistikoarekin (irabazi dugun apurra berriro inbertitzea, inprenta, banaketa…). Gure asmoa ahalik eta jende gehiagorengana heltzea da, gure filosofiari uko egin gabe. Ez genuke nahi liburuaren ibilbidea bi astetan amaitzea eta kultuzko liburu bihurtzea.
Anuncios

Acerca de bookhunterblog

Blog sobre literatura. https://bookhunterblog.wordpress.com
Esta entrada fue publicada en bhb investiga, euskaraz y etiquetada , , . Guarda el enlace permanente.

Una respuesta a Kafe aleak: ezohiko liburu baten sorrera eta elaborazioa

  1. Pingback: Kafe aleak: ezohiko liburu baten sorrera eta elaborazioa | ETZARAZU

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s