Ander Izagirrerekin irakurtzen

Joan den astean, bookhunterblog Ander Izagirrerekin elkartu zen irakurtzeko, Ondarretako Ezeiza hotelaren kafetegian. Ander (Donostia, 1976) kazetaria eta bidaiaria da, bere kabuz lan egiten du, eta blog bat dauka, A topa tolondro. Bidaietan bildu dituen istorioen inguruan hainbat liburu argitaratu ditu, hauen artean Cuidadores de mundos eta Los sótanos del mundo.
Bidaia normal baterako hilabete bat edo bi etxetik kanpo ematen dituela dio, eta denbora gehiago “etxeko lana” egiten; hau da, bidaia prestatzeko irakurtzen eta, bueltan, bildutako materiala lantzen. “Herrialde bati buruz gauza asko irakur daitezke eta irakurtzen duzuna bidaiaren osagarria da”, dio Anderrek. “Bidaia askoren atzean liburuak daude, hauek pizten duten sua”.

bookhunterblog: Bidaiak prestatzerakoan, garrantzia handia ematen diozu irakurketari?
Ander: Bidaiak prestatzen ditudanean, idazteko asmoarekin egiten dut, kazetaritza ikuspegi batekin. Kontaktuak egiten ditut aldez aurretik, dokumentatzen naiz… Irakurtzeari esker, bidaiak askoz gehiago ematen du. Esaterako, Boliviara joan aurretik liburu pila erosi nuen, girotzeko, hauen artean, Potosí 1600. Nobela honetan Potosí garai aberatsenetan nolakoa zen ikusten da. Eta Potosín bertan gaur egungo Boliviari buruz hitz egiteko aukera izan nuen idazlearekin, Ramón Rocha Monroy-rekin.
b: Eta erosten dituzun liburuak bidaietara eramaten dituzu?
A: Bidaietara ezin duzu gehiegizko pisua eraman, baina egia da normalean bertan liburu asko erosten ditudala. Bolivian vicuñako artileko boltsa bat erosi behar izan nuen, liburuak alde batetik bestera eraman ahal izateko. Autobusean sartzen nintzen, bertako jendea boltsaz gainezka egoten zen, oiloekin eta guzti bidaiatzen dute, eta ni nire boltsa handiarekin tokia bilatzen… Bazeukan bere grazia.
b: Zein esango zenuke izan dela zure bidaiarik literarioena?
A: Nire bizitzako bidaiarik nagusiena duela 10 urte Los sótanos del mundo liburua idazteko egin nuena izan dela esango nuke. 6 bidaia izan ziren guztira, 6 kontinenteetara. Oso bidaia luzeak, istorio mordoa… Asko dokumentatu nintzen, bai bidaian zehar eta baita bueltan ere, eta oraindik gaur egun nire apalategietan dauden liburuen zati handi bat bidaia hauetakoa da. Baina uda honetan Karakorumera egin dudan bidaia ere, arrazoi desberdinengatik, oso literarioa izan da…
b: Zer dela eta?
A: Ba, 40 egun eman genituen glaziar batean, mendizaleok, eta sukaldari eta laguntzaileek osaturiko talde txiki batek. Mugitzeko aukera gutxi genuen, beraz denbora irakurtzen ematen genuen, irakurtzen eta musean. Iñurrategik bakoitzak 2 edo 3 liburu eramateko esan zigun, gehiegizko pisua ez eramateko. Nik Grossman-en Vida y destino eraman nuen, Hontzako saltzaile den lagun batek gomendatuta. Ados jarri behar izan genuen liburuak ez errepikatzeko: aurreko espedizio batean, bi mendizale Larsson-en liburu berarekin agertu ziren, eta Iñurrategik purrustaka batzuk bota zituen. Azkenean, bakoitzak bere liburuak amaitzerakoan, bookcrossing-a egin genuen Karakorumeko kanpamenduan.
b: Askotan esaten da liburu on batek bidaia ordezkatu dezakeela, ados al zaude?
A: Istorioak kontatzea oso oinarrizko gauza da, eta honen arrazoia gure jakinmina da. Bidaiatzea ere jakinminagatik egiten dugu, beraz bi aktibitateak hurbil daudela uste dut. Baina bidaia sedentarioa niretzat ez da nahikoa, gauzak lehenengo pertsonan ezagutu nahi ditut. Zentzu honetan, esan behar dut laster Angolara joateko asmoa daukadala, Kapuscinski-ren Un día más con vida liburuaren inguruko pelikula prestatzen laguntzeko. Liburu honetan duela 25 urte gertatutako gerra kontatzen da, eta protagonisten bila joango gara, haien gaur egungo bizitza ezagutzeko.
b: Azkenik, zein liburu ekarri duzu?
A: Liburu topiko samarra ekartzea pentsatu dut haiseran, Los caminos del mundo. Asko gustatzen zaidan liburua da, baina gaur bertan Paristik etorri den lagun batek, Oskar Alegríak, beste hau, Atlas des îles abandonnées, oparitu dit. Munduko irla txikiak, ia biztanlerik gabekoak, biltzen ditu atlas honek, eta guztiz liluratuta nago. Liburua ikusi eta bidaiatzeko gogoa berehala piztu zait. Bidaia askoren atzean liburuak daude, hauek pizten duten sua, gauzak ikustera joateko nahia eta beharra…
b: Lehenengo esaldia irakurriko al diguzu?
A: “J’ai grandi avec des atlas”.
Anuncios

Acerca de bookhunterblog

Blog sobre literatura. https://bookhunterblog.wordpress.com
Esta entrada fue publicada en leyendo con y etiquetada , , , . Guarda el enlace permanente.

3 respuestas a Ander Izagirrerekin irakurtzen

  1. Ekhiñe Egiguren dijo:

    Bai interesgarria, elkarrizketa eta elkarrizketatua, biak! Julio Verne datorkit gogora… Bidaia asko ditugu oraindik Izagirreren eskutik irakurtzeko eta zorte handia dugula esango nuke.

    Me gusta

  2. Ander dijo:

    Eskerrik asko, Amaia eta Ekhiñe. Plazerra izan da blog honetatik pasatzea!

    Me gusta

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s